Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Sarrera

Ikuspegia Larrano bizkarretik. Mendi horien kontserbazio-egoera ona fauna basatiaren mota askotako ordezkaritza egoteak islatzen du.

Urkiola Parke Naturaleko mendiek mota askotako ornodunen fauna aberats bati ematen diote babesa bere habitat ezberdinetan, 137 espezie baitaude (4 arrain mota, 7 anfibio mota, 10 narrasti mota, 74 hegazti mota eta 42 ugaztun mota). Habitat garrantzitsuenak hauek dira, hots, harkaiztegia, basoak, sastrakak, larreak eta, horiez gain, errekek, iturriek eta esfagnadiek eraturiko leku hezeak. Animalia mota bakoitzak bere eskakizun ekologikoak ditu eta bizitzeko lekurik onenak bilatzen ditu; beraz, berba egin dezakegu harkaiztegiko faunari, basoetakoari eta abarri buruz. Espezie guztiek ez dute jasankortasun bera eta animalia batzuk beste batzuk baino asko ere sentikorragoak dira euren ingurune naturalean ematen diren aldakuntzen aurrean. Aldakuntza horiek prozesu naturalek eragin ditzakete, adibidez, klima aldaketak edo ustekabeko suteak; beste batzuk, ostera, gizakiak eragin ditu, hala nola, baso-mozketa edo zuhaitz autoktonoen ordez basoetan koniferak jartzea. Animalia bakoitzak era ezberdinean erreakzionatzen du bere habitataren aldaketen aurrean eta animalia batzuk duela urte batzuk oso jazarriak izan zirenak, desagerturik daude gaur egun. Gertatu ere, horixe geratu da XIX. mende amaierara arte Durangaldeko mendietan ikus zitezkeen hartz, otso eta ugatzarekin. Beste espezie batzuek, aldiz, egokitzea lortu dute, adibidez, azeriak, basurdeak eta sai arreak, hauek 1989an Parke deklaratu zenetik populazioa gehitu egin dutelarik. Duela urte asko desagertu ziren espezieek ingurua birpopulatu egin dute eta gaur egun zabaltze prozesuan daude, orkatza esaterako.

Fauna-talde aipagarrienetako bat hegaztiena da, harrapari espezie asko ordezkaturik daudelarik, hala nola sai zuria, belatz handia, gabiraia edo aztorea. Harrapariez gain, migrazio-paseetan zehar, pagauso, birigarro eta paseriformeen andanak hegaldatzen dira Urkiolako muinoen gainetik euren bidaia luzeetan. Ugaztunen artean, azpimarragarria da beste fauna-talde garrantzitsu bat, haragijaleena hain zuen, hainbat espezie baitaude hala nola lepahoria, lepazuria, katajineta, azkonarra eta katazuria.

Saiak Alluitzeko gailurraren gainean planeatzen. Ondoen ordezkaturik dagoena, hegaztien taldea da, Parkean 74 espezie ikusi baitira.

 


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta