Nola heldu Atxartera
Atxartera heltzeko BI-632 errepidea, Abadiño eta Elorrio batzen dituena, hartu behar da eta Muntsaraz auzotegira heltzean Mendiola auzotegira saihestu herri bide bat hartuta. Saihesbidetik 3 bat kilometro egin beharko ditugu antzinako harrobi batzuetara heldu arte. Autoz bagoaz, harrobien ondoan aparkatuko dugu Untzillatxeko eremuetan eskalatu gura badugu. Aitz-Txikiko eremuetara joateko egin daiteke edo harrobietan aparkatu edo ormigoizko pista estu batetik aldats gogor bat igo eta 200 metro inguru gorago ezkerretara dagoen aparkaleku txiki bateraino jarraitu.
Nola heldu eskalatzeko tokietara
Eskalatzeko toki nagusienetara bide ezberdinetatik joan daiteke. Untzillatx barrenean lehenengo Eguzkiarte eta Labargorri hormak aurkituko ditugu, harrobiaren gaine-gainean. Harrobiaren eskuineko aldetik, Bolinkobaren ondoan (goian huntz ikaragarri bat dauka) igoera erraz bat hasten da, 15 bat minututan hormaren barreneraino eramango gaituena.
Harrobia pasatuta, mendiaren barrenetik bertatik, Aurrekoatxa eta Urresteiren hormak ikusiko ditugu ubide zorabiagarri eta estu batek bananduta. Horra heltzeko erreka zeharkatuko dugu harrizko zubi zahar batetik eta pistan haitz handi baten ondoan hasten den bidezidor estu eta maldatsu batetik igoko gara. 20 bat minutu beharko ditugu Aurrekoatxaren barrenera eta Urresteiko hegoaldeko aurpegikora heltzeko. Horma horren barrenetik jarraituta, beste 10 minutu ingurutan hel gaitezke goragoko bideetara. Urresteiko goiko aldera Mañaritik Urkiolara doan bidean aurkitzen den Gatzaieta baserririk ere hel daiteke.
Aitz-Txikiko inguruetara heltzeko goiko aparkalekuraino igo eta ezkerraldean dagoen eta hormetarako norabidean gorantz doan bidezidor estua hartu behar dugu. Usokobetaganerantz (Atea) bagoaz, bidezidorra, igotzen hasi bezain laster utzi behar dugu eta sasitzan bidexka benetan aldapatsu bat bilatu; ordu erdi bat baino zerbait gehiago igoz joanez zirku markatu batera helduko gara. Murruetarantz joan nahi badugu aipatu bidexkatik jarraitu behar dugu pagadi hostotsu batera heldu arte eta han ezkerrera egingo dugu Lehenengo Murruaren barrenaren bila. 15 edo 20 minutu beharko ditugu. Bigarren eta Hirugarren Murrura igotzeko lehenengoa igo dezakegu edo bestela bere ezkerraldetik igo dezakegu gora.
1. Labargorri-Eguzkiarre
2. Aurrekoatxa
3. Urrestei
4. Saukukogane (Branka)
5. Untzillatxaren hegoaldea
6. Lehenengo murrua
7. Bigarren murrua
8. Sorginkobetagane (Hirugarren murrua)
9. Laugarren eta bosgarren murrua
10. Horma horia
11. Atxurtuko haitz zorrotzak
12. Usokobetagane (Atea)
Sasoirik onena
Atxarte eskalatzeko sasoirik onenak udaberria eta udazkena dira. Negua hotza eta hezea da eta eskalatzeko moduko egunak oso gutxi egon ohi dira. Uda nahiko beroa da, baina sarri lainoa egon ohi denez eskala daiteke. Eguzkiak gogor jotzen badu arratsaldean gerizpean eskala dezakegu Eguzkiarren eta Aurrekoatxan. Gainerako hormak hegoaldera begira daude.
Haitza, bideak eta ekipamendua
Hormak kareharri grisezkoak dira, kretazikoan zehar eratuak (duela 100 milioi urte). Haitza, oro har, trinko-trinkoa da eta lauza, ur-tanta eta plaka nahiko leun asko dago. Hormek 150 metrorainoko altuerak dituzte eta 400 bide baino gehiago daude irekita IVtik 8bra arteko zailtasunekin. Luzera bateko bide asko dago eta, baita, lau luzerakoak ere, eta eskalada mota aldatu egiten da sektore batetik bestera. Eguzkiarren eta Urrestein, esaterako, tankera klasikoko ibilbideak daude, atxikidurak, lauzak eta erroitzak dituzten eskaladekin. Labargorrin, berriz, eskalada luze bertikal-bertikalak eta, baita, zerbait eroriak ere. Aurrekoatxak, aldiz, presa txikia eta neurriko zailtasuna duten bideak ditu. Lehenengo murruan diedroak eta tximiniak dira nagusi eta Usokobetaganen eta Sorginkobetaganen Atxarte osoan aurki daitekeen kalitaterik handieneko haitza dago, eta ibilbide nahiko zailak aurkituko ditugu, luzera batekoak eta gehiagokoak, plaka bertikaletan edo zerbait erorietan ur-tanta asko eta irudi guztiz iradokigarriekin. Aipatutakoez gain, tokiko eskalatzaileen laguntzaz aurkituz joan gaitezken beste hainbat eta hainbat sektore dago.
Ekipamendua, oro har, bikaina da, Bizkaiko Mendi Garaiko Eskolak azken urteetan burutu duen berrekipamendu lanari esker. Kimikariak eta paraboltak aurki daitezke eta batzar gehienetatik arrapela daiteke.
Eskaladaren arautzea
Parke Natural batean gaudenez, eskalada araututa dago eta komeni da kontuan izatea haitzarteetan habia egiten duten hegazti komunitate garrantzitsua iraunarazten lagunduko duten arau eta portaera mordo bat.
Atxarteko hormetan (Aitz-Txikin eta Untzilaitzen daudenetan) urte osoan dago eskalada egiteko baimena. Hori gorabehera, gutxi erabiltzen diren hormak daude (Atxurtu eta Labargorriko haitz zorrotzak) eta horiek saiek, sai zuriek, belatz gorriek, zapelatzek eta belatxingek habiak egiteko erabiltzen dituzte eta, beraz, hobe da horietan urtarriletik abuztura arte ez eskalatzea. Bideren bat igotzerakoan habiaren bat aurkitzen badugu, hoberena da berehala zaratarik egin barik jaitsi eta bide hori irailera arte ez erabiltzeko abisua ematea.
Atxartez gain, Alluitz eta Mugarrako bide batzuetan ere ez dago eskalatzeko baimenik irailetik abendura arte baino. Bi mendi horietan eskalada araututa dago, Parkeko hegazti harraparientzat benetako babeslekuak direlako.
2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta