Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Arkeologia Urkiolan

Historiaurreko arkeologia ikerketak


Urkiola inguruko Historiaurreko Arkeologiaz egindako ikerketen historiografia bost etapatan antolatzen da, I. Barandiaranek Euskal Herriko Historiaurre orokorraz proposaturiko eskemaren arabera (Barandiaran 1988):

Urkiolako Historiaurreari buruzko ikerketen historiografia, 1917ra arte.

Hasierako etapa honen ezaugarria zera da: datuen jasotze ez-sistematikoa zenbait adituren aldetik (geologoak, naturalistak…), zeinen artean ez baitago loturarik ez helburu bateraturik. Urkiolako ingurune geografikoan, A. Gálvez Cañero jaunak Azkondoko Koba (Mañaria) deskubritu zuen XX. mendearen hasieran eta handik hurbil dagoen Baltzola (Dima) koban material arkeologiko batzuk jaso zituen, berak Magdalen, Azil eta Neolito aldikotzat jo zituenak (Gálvez Cañero 1913)


Azkondoko koba
Azkondoko koba

Euskal Historiaurrearen finkatze fasea (1917-1936).

Bigarren etapa honen protagonista nagusia, Urkiolako eskualdean, J.M. Barandiaran izango da, hark 1922 eta 1936 artean burututiko landa-lana hurrengo egutegi honek azaldutakoan laburbiltzen delarik:

- Prospekzio arkeologikoa Mañariko udalerrian (1929), zeinetan Silibranka harpea gehi Atxuri-I eta Sailleunta edo San Lorentzo kobak deskubritu ziren, azken hau Madeleine aldikotzat jo daitekeelarik.

- Silibranka harpearen indusketa arkeologikoa (1930), T. Aranzadirekin lankidetzan, Madeleine eta Azil aldiko estratigrafia ebatziz (Barandiaran 1946 eta 1978).

- Prospekzio arkeologikoa Abadiñoko udalerrian (1931), zeinetan Bolinkoba, Oialkoba, Albiztei eta Astakoba kobetako aztarnategiak aurkitzen diren.

- Oialkoba kobaren indusketa arkeologikoa (1932) bi geruzari buruzko estrategia bereiziz: azpikoa, habitat izaerakoa, Brontze Arokotzat sailkatua, eta gainekoa, hilobi izaerakoa, erromatar aldi berantiarreko zantzu batzuekin (K.o. IV-V m.) (Barandiaran 1950).

- Albiztei kobaren indusketa arkeologikoa T. Aranzadirekin lankidetzan (1932), Eneolitoko edo Aitzin Brontzekotzat sailka daitekeen gorpu ehorzketen geruza bat identifikatuz (Barandiaran 1950).

- Bolinkoba kobaren indusketa arkeologikoa (1932-33), T. Aranzadirekin lankidetzan, Goi Perigord edo Gravette alditik Brontze Arorainoko estratigrafia sekuentzia ziurtatuz (Barandiaran 1950).


Bolinkoba
Bolinkoba

Gerrateetako urte zailak eta trantsizio garaia (1936-1953).

Espainiako Gerra Zibileko nahiz Bigarren Mundu Gerrako gertaerek Aranzadi-Barandiaran-Eguren lantaldearen banaketa eta euskal lurraldeko Hegoaldean egiten ari ziren landa-arkeologiako kanpaina sistematikoak etetea ekarri zuten.

Euskal Historiaurreko ikerketen jarraipena (1953-1970).

Urkiolako eskualdean berriro ere J. M. Barandiaranen lana nabarmentzen da, J. M. Apellaniz, E. Nolte eta halako ikertzaile berrien lan puntualen zenbait ekarpenekin.

- J M. Barandiaranek Mañariko udalerrian egindako prospekzio arkeologikoa (1960), Atxuri- II koban historiaurreko aztarnategi zantzuak aurkituz (Marcos Muñoz 1982).

- Atxuri- I (Mañaria) kobaren indusketa arkeologikoa J. M. Barandiaranen eskutik (1960-1961), material paleolitikoak eta Eneolito-Brontze Aroko ehorzketak nahasirik dauden estratigrafia eraldatua hautemanez (Barandiaran 1962 eta 1964).

- E. Noltek Atxarte inguruan egindako indusketa arkeologikoa (1966), historiaurreko aztarnategi zantzuak aurkituz Kobazarra koban (Abadiño) (Nolte eta Aranburu 1965-66).

- Albiztei (Abadiño) kobaren indusketa arkeologikoa J. M. Apellanizen eskutik (1970), Eneolito-Aitzin Brontzeko kronologia duen ehorzketa aztarnategia berretsiz (Apellaniz 1974).

Euskal Historiaurrearen gaur egungo egoera (1970-2006).

Fase honetan oso mugatua da Urkiolako eremu geografikoari emandako arreta, prospekzio arkeologiko puntualen emaitza den aurkikuntza isolatu banaka bat besterik ez dugularik.

- Mañaria inguruan J.A. Martínez Vitorés-ek egindako prospekzio arkeologikoa (1971) Mugarrako Jentilkoban (Mañaria) ehorzketa aztarnategiaren zantzuak aurkituz (Marcos Muñoz 1982).

- Deustuko Unibertsitateko Arkeologia Mintegiak Mañariko udalerrian egindako prospekzio arkeologikoa (1973), Kobazar-II koban aztarnategi arkeologikoaren zantzuak dokumentatuz (Marcos Muñoz 1978).

- J. Saratxagak Urkiolako eremuan egindako prospekzio arkeologikoa (1978), Saiputzueta trikuharria (Abadiño) katalogatu zuelarik (Saratxaga 1979).

- J. Gorrotxategik eta J. M. Yarrituk Urkiolako trikuharri gunean egindako prospekzio arkeologikoa (1981), atari zabaleko bi bizitokiren zantzuak kokatuz Saibitxiki eta Urkiolamendi lekuetan, biok Abadiñoko eremuan (Gorrotxategi eta Yarritu 1984).

- Asuntzeko aztarnategiko (Abadiño) betelan arkeologikoaren mugaketa M. Agirre Ruiz Gopegikoaren eta Juan Karlos Lopez Quintanaren eskutik (2000), Paleolito Ertainekotzat sailka daitekeen sekuentzia estratigrafikoa zehaztuz (Agirre eta Lopez Quintana 2000).


Mugarrako Jentilkoba
Mugarrako Jentilkoba

2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta