Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Arkeologia Urkiolan

Historiaurrea Urkiolan


Gizakiaren lehen bizitoki zantzuak Urkiolako eremuan Asuntze (Abadiño) aztarnategikoak dira, zeinetan Paleolito Ertaineko zantzuak dituen sekuentzia estratigrafikoa egiaztatu den. Halere, aztarnategi horretako betelan arkeologikoaren mugaketa besterik ez da egin oraingoz, eduki arkeologikoaren, okupazio motaren eta abarren datu zehatzik ez dagoelarik.

Goi-Paleolitikoa

Goi Paleolitikoaren ezaugarri argiak ageri dira Bolinkobako koban (Abadiño) eta Silibrankako harpean (Mañaria), Atxuri-I eta Sailleunta kobetako zenbait datu zalantzazkorekin batera. Bolinkobak, berriz, Gravette aldiko (duela 29.000-21.000 urte inguru), Solutre aldiko (duela 21.000-18.000 inguru), Magdalen aldiko (duela 18.000-11.500 inguru) eta Azil aldiko geruzak dituen estratigrafia ageri du. Silibrankari dagokionez, Madeleine alditik Azil aldira arteko sekuentzia ageri du.


Silibrankako koba

Goi-Paleolitikoan zehar hotzaldiak gertatzen dira, Würm III eta IV glaziar zikloen ezaugarriekin, beste fase epelago eta hezeago batzuekin batera hurrenez hurren. Urkiolako paisaiari dagokionez, leku babesenetan kokaturiko baso-gune sakabanatu eta txikiak izango ziren nagusi. Bolinkoba eta Silibranka kobetako datuen arabera, animali baliabideen lorpenerako estrategiak hiru ungulatutan oinarritu ziren batik bat: oreina, ahuntza eta zaldia. Aztarnategi horietatik itsas moluskuen bilketa egiteak, hala janari helburuetarako nola apaindura erabilpenerako, ehiztari-biltzaile talde paleolitiko horien mugikortasuna adierazten du. Era berean, Trebiñoko silexa Bolinkoban aurkitzeak, ehiztariok hegorantz joan-etorri luzeak egiten zituztela adierazten du.


ATXARTEKO HARANA: Atxarteko harana ehiztari-biltzaileen iraganbideko puntu estrategikoetariko bat da kostaldeko haranetatik Arabako Lautadarantz eta Trebiñoko mendebalderantz.

Epipaleolitikoa.

Epipaleolitikoa (duela 10.000-6.500 urte inguru), azken ehiztari-biltzaileen garaia, ez da aurkitzen Urkiolako Historiaurrean. Historiaurreko sekuentziaren tarte hori ez da ageri ikertutako aztarnategietariko batean ere; horren zergatiari dagokionez, edo induskatu diren kobetan halako aztarnarik ez egotea edota paleolito-osteko fase horiei behar den arreta ez ematea izan daiteke.

Epipaleolitikoa Holozenoaren hasierarekin lotzen da (duela 9.800 inguru), gaur egungorantz orientaturiko klimatologia bigunagoa egonkortzen hasten den garaia. Klima aldaketa honek eraldaketa garrantzitsuak eragingo zituen Urkiolako ingurune fisikoan: Baso hostogalkorra hedatuz joatea eta tamaina handiko faunaren ordez beste espezie batzuk nagusitzea, batez ere orkatza eta basurdea, baso-ingurune berrira egokituagoak. Aldameneko eremu geografikoetan, bizileku dentsitatearen hazkundea nabari da fase honetan, baita estrategien aldaketa bat lurraldearen kudeaketan. Holozenoko ingurumen baldintza berrien ezaugarria den janari baliabideen aniztasunak, berriz, populazioen egonkortasuna errazten du, eta horrek lurralde mugatuetan baliabide-errepertorio zabalaren ustiapen intentsiboan oinarrituriko ekonomi sistema garatzea esan nahi du.

Neolitikoa eta Metalen Aroa.

Lehen nekazari eta abeltzainei buruzko datuak, Neolitiko aurreratutik Kalkolitikora (duela 5.500-3.800 inguru) Urkiolako trikuharrien aztarnategitik datozenak dira eta datu oso-oso mugatuak ditugu, garai hartako bilakaerari eta ezaugarriei buruzko dokumentazio zehatzik ez dagoelarik. Kultur ziklo horren barruan, hilobiratze kolektiboak koban egitearen ohitura izan zen, Kalkolitiko-Brontze Aroa bitartean (duela 4.500-2.500 urte), eta horren datu aski dago Urkiolako ingurunean. Zona honetan biziko zen jende kopuruaren hazkundea hauteman daiteke, aipaturiko kultur ohitura adierazten duten hilobi-koba zenbaitekin: Albiztei eta Oialkoba, Abadiñon, eta Atxuri-I eta Mugarrako Jentilkoba, Mañarian. Horrez gain, Bolinkobak (Abadiño) Brontze Aroko bizilekuaren geruza bat barne hartzen du bere estratigrafiaren goiko aldean.

Neolitikoaren garai aurreratuko une jakin batetik aurrerantz (duela 5.500 urte inguru), lurraldearen okupazio-ereduen bat-bateko etena hautematen da, atari zabaleko bizilekua orokortzen delarik. Abeltzaintza eta laborantza garatzearen ondoriozko paisaia aldaketa sakon baten prozesua jartzen da abian. Atari zabaleko bizilekuen ugaltzea (horren zantzuak Urkiolan ditugu), monumentu megalitikoak eraikitzea (Urkiolako estazioan) eta hilobiratze kolektiboak egiteko kobak erabiltzea, fenomeno guztiok adierazten dute lurraldearen erabilpena areagotu egin dela. Paisaiaren eraldaketa hau, oraindik orekatua historiaurreko faseotan, bizkorrago areagotuz joango da garai historikoan zehar, harik eta egungo paisaia sakonki eraldatura iritsi arte.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta