Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Santutegia eta ermitak

Sarrera


Urkiolako Santutegiaren ikuspegia, atzean Alluitz (Aluitz) mendia duela. Negua.

Antonio Santuen Santutegia, Durango/Gazteiz errepidetik heltzen den Urkiola auzotegiko Urkiola gainean dago aldapa batean kokatuta eta pago, lizar eta urkidun baso batek inguratuta. Itsas mailatik 750 m. ingurura, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Herrialdeen geografi erdialdean dago eta Bizkaiko Elizatea den Abadiñoko udal barrutikoa da. Arabako mugatik 2 km. ingurura eta Gipuzkoatik 5era dago, Bizkaiko hiriburutik 40 kilometrora, Arabakotik 30era eta Gipuzkoakotik 90era.

Gauza bitxi legez, bere kokalekua Eusko Autonomi Erkidegoaren erdi-erdian dago eta bere teilatuak euri-urak banatzen ditu, alde batekoak Bizkaian zehar Bizkaiko Golkora bidaltzen dituelarik eta bestekoak Arabako Lautadan zehar Ebrora eta handik Mediterraniora. Bere munarriak, Ekialdekoak eta Iparraldekoak, Durango aldeko Haitzak dira, gailurrik altuena Anboto delarik; Mendebaldekoak, Eskubaratz (Eskuagatx) eta Saibi; eta Hegoaldekoak, Arangioko Haitzak. Guztiz ondo kokatuta dagoenez, baldintza paregabeak ditu turismorako eta, ondorioz, zerbitzu mordo bat ipini da Santutegiaren inguruan, hala nola, ostatuak, aterpeak eta jatetxeak, erraztuz horrela bisitarien egonaldia.

Urkiolako Santutegiaren historia, normala denez, Kristautasunaren ezarpenarekin lotuta dago. Bizkaiko herrialdeko kristautasunaren lehen agerraldiak IX. mendean hasi eta XI. mendera arte irauten dute; uste da Arabatik sartu zela eta ekartzeko erabili ziren bide garrantzitsuenak bide erromatarrak izan zirela. Horietako bide bat Urkiolatik pasatzen zen eta, beraz, kristautasuna gehien ezarri eta distira gehien izan zuen eremuetariko bat Durango aldea izan zen.

Ermita asko jentilen antzinako koba eta iturrietan eraiki ziren eta santutegi ospetsuenak, jakina denez, Aralarren eta Anboton eraiki ziren, hau da, Euskal Mitologiako jeinu nagusia den Mariren bizileku sakratuetan.

Santutegiaren antzinatasunari dagokionez, ez dakigu ziurtasunez noizkoa den, hori zehazten duen antzinako dokumenturik ez dagoelako eta daudenek ez dutelako besterik esaten guztiz antzinakoa dela baino. Egia dena da Urkiolak baldintzarik onenak betetzen dituela herrialdeko lehenengo tenpluetariko bat izateko, artzaintzaren erdigune garrantzitsuenetako bat zelako, jadanik sakratua zen leku bat eta bide garrantzitsu batek zeharkatzen zuena.

Kronikari batzuk arriskatzen dira esaten Urkiolako Elizaren hastapenak VIII edo IX. mendekoak direla. Dena den, dakiguna da 1567. urtean Santutegiak ospitale bat eta 61 dukateko errenta ateratzen zuen etxe bat zeuzkala eta errenta hori tenpluko kultua eta ospitalea mantentzeko erabiltzen zela. Urkiolako Santutegian Antonio Santuak gurtzen dira, Abadea eta Paduakoa, baina San Antonio Abadea hain bazterturik geratu da ezen Santutegiari herriak gaur “San Antonioren Santutegia” deitzen dion.

Eraikuntzak neurri handiak ditu. Sarrera harmailadi handi batetik egiten da. Gaurko aldarea hogeita bat harri kubikok inguratuta dago. Santutegiko lorategian Bizkaiko bizitzaren elementu sinbolikoak daude: itsas bizitza, aingura batekin adierazten da; Bizkaia nekazaria laia, laborantzako lanabes batekin eta Bizkaia industriala antzinako burdinola batetik ekarritako harrizko turbina batekin. Santutegiaren aurrealdean harri handi bat dago; uste da meteoritoa dela eta bertute bereziak dituela: herri-usteak dio bere inguruan itzuliak emanez gero, neska ezkongaiek senarra berehala aurkitzen dutela.

 


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta