Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Animaliak euren habitatean

Fauna basoetan

Saibi mendiaren ikuspegia neguan. Parkeko baso natural eta oihaneztapenen mosaiko zabalak fauna guztiz interesgarri eta era askotakoari ematen dio babesa.

Urkiolako baso-masa oro har parkearen azaleraren erdia baino handiagoa da eta, beraz, garrantzi benetan handiko habitata da espezie eta populazioei dagokienez. Nahiz eta baso mota nahiko jakin bateko animalia batzuk egon, esaterako muxar grisa, hosto zabalen basoetan baino ez baita bizitzen, gehienak zuhaizti ezberdinetan zehar ibili ohi dira, eta batzuk, gainera, koniferen oihaneztapenetan bizitzera egokitu dira; gehiago oraindik, hobetu egin dira, adibidez pinu-kaskabeltza.

Hegaztien taldea basoko paseriforme kopuru on batek ordezkaturik dago, esaterako kaskabeltzek, amilotxek, garrapoek, gailupek, txonta arruntek eta txindorrek. Okilek, esaterako okil berdeak eta okil handiak, ere behar beste janari eta habiak egiteko leku onak aurkitzen dituzte, batez ere zuhaitz heldudun basoetan. Gaueko harraparien artean urubia nabarmentzen da, oso ugaria baita baso mota guztietan, erraz-erraz egokitzen delako. Eguneko harrapariak era ondo ordezkaturik daude eta horren froga aztorea eta gabiraia egotea da, gehi zapelatz arrunta, erlatxoria eta miru beltza.

Parkeko balio naturaletako beste bat ugaztunen taldea da eta basoek biziraupenerako baldintza egokiak ematen dizkiete hala ugaztun handiei (basurdea, orkatza, lepahoria, katajineta, azkonarra eta azeria) nola beste txikiago batzuei (katamixarra, muxar grisa eta basasagua).

Basoetako fauna berezia

Gabiraia - Accipiter nisus
Gavilán

Tamaina txikiko hegazti harraparia, hego zabal eta biribilduna eta buztan luzeduna. Arra emea baino txikiagoa da. Goitik kolore grisaxka du eta beheko aldean kolore arreko barrak. Aztorearen antz handia du, baina aztorea nahiko handiagoa da. Gabiraia oso ondo egokitzen da oihaneztapenetara. Paradan ehizatzen dituen txori txikiak jaten ditu. Parkean normalean 6tik 10era bikotek egiten dituzte habiak.


Zapelatz arrunta - Buteo buteo
Busardo ratonero

Zapelatz arrunta Parkean ugarien dagoen eguneko hegazti harraparia da. Lumaje aldakorra duen arren, oro har kolore arrea dauka, hegoetan une argiak ditu eta paparrean paparo zurixka moduko bat. Hegoak eta buztana zabalak eta biribilduak dira eta erraza da ikustea, batzuetan hegaldatzen eta sarri askotan zutoinen baten gainean jarrita. Batez ere paradan ehizatzen dituen ornodun txikiak jaten ditu. Parkean 20tik 25era bikotek egiten dituzte habiak.


Txindorra - Erithacus rubecula
Petirrojo

Txori txiki eta ezaguna, kolore arre eta papar laranja/gorrixkaduna. Sarri ikusi ohi da basoetan zoruan salto-saltoka. Hegazti oso lurraldetarra da eta ez du zalantzarik izaten arrotzak erasotzeko orduan; urte osoan entzun dakioke abesten. Batez ere intsektujalea da, baina bere dieta barruan beste ornogabe txiki batzuk eta fruitu eta hazi batzuk ere sartzen dira. Apirilean hasten da kumeak egiten.


Orkatza - Capreolus capreolus
Corzo

Garaiera ertaineko zerbido oso txairoa da, oreina baino nahiko txikiagoa. Arrak apenas heltzen dira 25 kilo pisatzera. Arraren adarrak guztiz zimurtsuak eta abar gutxikoak dira. Kolore arrea du, neguan zerbait grisaxka eta atzealdeko laurdenetan orbain zurbila dauka. Parketik duela urteak desagertu zen arren, gaur hedapen nabarian dago eta gero eta ugariagoa da, laborantzetan kalteak egiteraino.


Basurdea - Sus scrofa
Jabali

Etxeko txerriaren antzekoa da; baina ile gogorra eta ugaria du. Buru irtena dauka, sustrai bila lurra zulatu eta astintzeko erabiltzen duen mutur indartsuarekin. Bere kolorea beltzetik grisera aldatzen da. Arrak tamaina handiagokoak dira, 150 kilotara hel daitezkeelarik. Lurralde zabaletan ibiltzen da janari bila eta bidaldi handiak egin ditzake. Orojalea da eta bere dietan ornodun txikietatik sustrai, pagatxa eta ezkurretaraino sartzen dira. Parkean asko dabiltza eta lurra muturkatzean kalte nahiko handiak egiten ditu belardietan.


Azeria - Vulpes vulpes
Zorro común

Ugaztun haragijalea da, buztan luze eta ile ugariduna, ileak kolore arre gorrixka eta batzuetan grisaxka daukalarik. Belarri handiak eta zorrotzak ditu. Animalia bakartia eta izutia da, baina ez du zalantzarik izaten gauez janari bila baserrietara hurreratzeko. Eremu zabaletan ibili ohi da janari bila. Haragijalea den arren, udazkenean basa-fruitu ugari gehitzen dio bere dietari. Behar bada, berau da Parkean ugariena den ugaztun haragijalea.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta