Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Animaliak euren habitatean

Sastrakak eta larreak

Belardiak eta sastrakak Asuntzen. Habitat honetan basa faunak behorrak, behiak eta ardiak izaten ditu laguntzat.

Sastraka eta larre multzoak Parkeko zabalera handiak hartzen ditu eta lehen ikusi batean ez dirudi ornodunei babesa emateko lekurik egokiena denik. Hala ere, leku eguzkitsua eta emankortasun begetal handikoa denez, ornogabeen komunitatea guztiz ugaria da hala espezietan nola banakoen kopuruan. Intsektu, molusku, eraztundun eta gainerako ornogabeetan dagoen aberastasun horrek basotik animalia asko erakartzen ditu janari bila larre eta sastraka horietara.

Noizean behingo bisitarietatik aparte, adibidez azeri eta basurdetik aparte alegia, landaretza irekiko habitat horren ezaugarria bertan zenbait narrasti, hegazti eta ugaztun aurkitzea da. Lehenengoen artean zirauna eta musker berdea aipa daitezke eta hegaztien artean pitxartxar burubeltza, buztanzuri arrunta eta mirotz zuria. Urkiolako sastraka-eremu batzuetan ekialdeko fauna kantabresarentzat interes handikoa den narrasti bat dago, Schreiber muskerra alegia. Gainera, 2005ean eper gorria birsartu zen Aramotz aldean, antzina egon ziren populazioak berreskuratzeko asmoz.

Ugaztunek ere badaukate euren ordezkaritzatxoa, Millet satitsuak, satorrak, ogigaztak eta iparraldeko erbiak osatua.

Larre eta sastraketako fauna berezia

Zirauna - Anguis fragilis
Lución

Hankarik gabeko saurioa da, gorputz luzanga, zilindrikoa eta gutxi nabaritzen den sama ditu. Gutxitan heltzen da 50 cm-ko luzera hartzera. Krema koloreko edo arre edo marroizko ezkata leun-leun eta distiratsuak ditu. Bareak, barraskiloak, harrak, armiarmak eta intsektuak jaten ditu. Nahiko ugaria da sastraka eta belar handiko larre-tokietan. Ez du egiten inolako kalterik.


Musker berdea - Lacerta viridis
Lagarto Verde

Musker hau kolore berdekoa da eta 30 cm-rainoko luzera izan dezake. Gorputzean puntuaketa iluna du eta eztarrian tonu gehiago edo gutxiago urdinxkak ukan ditzake. Gorputza eta buztana azpitik horixkak dira. Nahien sastraka trinkoa dauden inguruak ditu eta intsektuak, araknidoak, barraskiloak eta bareak jaten ditu batez ere. Parkean ez dago holako askorik eta daudenak ere oharkabeko pasatzen dira bere kamuflajeari esker.


Pitxartxar burubeltza - Saxicola torcuata
Tarabilla Común

Txori txikia, 13 cm ingurukoa, dimorfismo sexual oso markatua duelarik. Arrak buru beltza du, samaren bi aldeetan orbain zuri bat eta paparrean kolore gaztainkara/laranjatua; emeak, ostera, kolore askoz ere zurbilagoak ditu. Intsektuak jaten ditu batez ere eta sarri ikus daiteke zuhaixkaren baten gainean jarrita, buztana goitik behera astintzen.


Kirikinoa - Erinaceus europaeus
Erizo Común

Ugaztun honek gorputz lodikotea eta arantza gogorrez betea dauka eta 25 cm inguruko luzera izan ohi du. Arantzak ile eraldatuak dira, kolore marroi ilunekoak edo beltzak, baina bazter zuridunak. Aurpegian, sabelean eta gorputz-adarretan ile fina dute. Bareak, harrak eta intsektu aukera handi bat jaten ditu. Gaueko ohiturak ditu eta sasitzan zarata handia ateratzen du. Negua lo ematen du.


Sator arrunta - Talpa europaea
Topo común

Ugaztun honek gorputz zilindrikoa du, hanka labur-laburrak eta alboetara begira; gorputzean kolore beltzeko ile fin belusatua dauka. Aurreko hankak zulatzeko egokituta dauzka eskuaren para-formari eta erpe luze eta indartsuei esker. Lurpean bizi da kasik beti, tunel sistema zabal batean. Sator-pilak, tunelak egiten dituenean aldizka azalerara ateratzen dituen lur pilak dira. Praktikan harrak baino ez ditu jaten.


Baratz armiarma - Araneus diadematus
Araña de jardín

Armiarma arruntenetarikoa den honek armiarma-sare biribila egiten du eta abuztuaren eta urriaren artean ugari egoten dira hesi eta sastraketan. Arrak 5-10 mm. neurtzen ditu eta emeak 12-17 mm. Kolore marroi argia edo kasik beltza izan ohi dute eta abdomenean gurutze zuri aldagarria. Sarean harrapatzen dituzten intsektu hegalariak jaten dituzte. Uda amaieran emeak arrautzadun hainbat kapulu ipintzen ditu leku babestuetan eta kumeek udaberrian uzten dute kapulua.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta