Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Animaliak euren habitatean

Zona hezeak

Urkiolagirreko barrenetako erreka. Gune hezeak nahitaezkoak dira anfibioak ugaltzeko.

Parkean aurki daitezkeen gune hezeak edo urarekin lotuak erreka txiki, iturburu, uhaska eta denboraldi batean urez beterik egon ohi diren larreetan aurkitzen dira. Mota horretako habitatak ornodun komunitate guztiz berezia dute, espezie kopuruari dagokionez txikia dena, baina, bestalde, erabat garrantzitsua kontserbazioaren ikuspuntutik, kasu batzuetan espezie ezohikoak eta desagertzeko arriskuan daudenak direlako.

Erregistraturiko lau arrainetatik, amuarrain arrunta eta ezkailua erreka ia-ia guztietan aurkitzen dira. Loina eta agian ortzadar-amuarrainaren aleren bat urteak direla jada kirol helburuekin egindako birpopulaketetatik datoz.

Gune hezeak, bereziki istilak, askak eta erreketako osinak nahitaezkoak dira anfibioak ugaldu eta gazte-aroko faseak gainditzeko. Horregatik, Parkeko anfibio espezie guztiak ikus daitezke euren bizi-zikloko uneren batean habitat horretan. Ur-igel arruntak eta baso-igel iberiarrak denbora osoa pasatzen dute uretan eta gainerakoak, esaterako gailurretako uhandrea, uhandre palmatua, arrabioa, baso-igel gorria eta apo arrunta ugalketa-aldian baino ez dira joaten gune horietara. Narrastien artetik suge gorbataduna eta suge biperakara agertzen dira gune hezeekin lotuta. Hegaztiak, euren aldetik, buztanikara horiak eta ur-zozoak ordezkatzen dituzte, eta ugaztunak, berriz, mendebaldeko ur-arratoiak, ur-satitsu hanka zuriak eta Cabrera ur-satitsuak. Aipa daiteke ur-ipurtatsa edo bisoi europarra egotea ere daitekeena dela, nahiz eta oraindik hori egiaztatu barik dagoen.

Gune hezeetako fauna berezia

Uhandre palmatua - Triturus helveticus
Uhandre palmatua

Tamaina txikiko uhandrea, 80-85 mm-koa; kolore arre/horixka, oliba edo marroia du, orbain ilunekin edo barik. Sabela kolore hori argikoa, alboetarantz zerbait arrosa dena. Arrak umaldian lepoan gangar baxu eta samurra izan ohi du eta altuagoa buztanean. Arreske aldian arrak palmatuak ere izaten ditu atzeko hanketan. Batez ere intsektuak jaten ditu, larbak ahal dela.


Arrabioa - Salamandra salamandra
Arrabioa

Anfibio gutiz deigarria, kolore hori eta belzduna eta 20 cm-rainoko luzera izan ohi duena. Kolorazioaren diseinua guztiz aldakorra da. Astiro-astiro mugitzen da eta koloreak ematen digu azaleko jariapen desatseginaren berri. Lurrean ernalarazten dira udazkenean, emeak bere gorputzean mantentzen ditu arrautzak udaberrira arte eta orduan joaten da uretara arrautzak uztera. Denboraldirik gehiena uretatik kanpo pasatzen du, batez ere pagadi hezeetan, eta kokoak, inurriak, harrak eta gainerako ornogabeak jaten ditu.


Apo arrunta - Bufo bufo
Apo arrunta

Apo hau 15 cm-rainokoa izan daiteke, itxura mardula eta gariztoa dauka. Gehienetan kolore arrea izan ohi du eta sarri orbain horixkak. Emea arra baino handiagoa da. Gaueko ohiturak ditu eta lur gainean ibili ohi da, ez salto-saltoka. Denborarik gehiena lurrean pasatzen du, baina ugalketa-garaian urtzak behar izaten ditu. Emeak ilara luzeetan ipintzen ditu arrautzak. Gai erregarria jariatzen du bere harraparien kontra gorputzeko guruin batzuen bidez. Batez ere intsektuak eta bareak jaten ditu, eta baita beste anfibio batzuk ere.


Baso-igel gorria - Pyrrhocorax graculus
Baso-igel gorria

Igel honek itxura mardula dauka eta 9 zentimetroko luzera har dezake. Kolore askotakoa izan daiteke: laranja, gorrixka, horixka, nabarra edo grisaxka hain zuzen. Bizkarrean eta hanketan orbain ilun asko ukan ditzake. Begiaren atzealdean beti izaten du orbain ilun-ilun markatu bat. Lurrean luzaro egon ohi da, baina beti eremu oso hezeetan. Ugalketa-garaian emeak arrautza-multzo handiak ipintzen ditu uretan. Batez ere intsektuak, araknidoak, bareak, barraskiloak eta beste hezurgabe batzuk jaten ditu.


Ur-igel arrunta - Rana ridibunda (perezi)
Ur-igel arrunta

Kolore berdexkadun igel honek 20 cm-rainoko luzera izan ohi du eta begi nahiko irtenak. Kolorazioa berde, oliba, arre edo urdinxkaren artean alda daiteke eta normalean orbain ilun irregularrak izan ditzake, hanketan zerrenda antzekoak gertatzen direlarik. Igel guztiz urtarra da eta bere ohiturak berdin izan daitezke egunekoak zein gauekoak. Udaberrian ugaltzen da eta emeak milaka arrautza txiki ipin ditzake. Intsektuak, armiarmak, harrak eta moluskuak jaten ditu batez ere.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta