Situación
Menú principal
Bidaldia: 7 Km.
Iraupena: 3 h.
Desnibela: 300 m.
Zailtasuna: Txiki ertaina.
Sasoirik onena: Urte osoa.
Puntu Interesgarriak: Atxarteko Jesukristoren ermita, harrizko zubia, Atxarteko antzinako errotaren aztarnak, Urkiolarako galtzada zaharraren aztarnak, oihaneztapenak, pagadia, Urkiolagirreko errekak.
Ibilbide zirkularra da; beraz, bi norabideetan egin daiteke. Guk, erloju-orratzen kontrako norabidea proposatzen dizuegu.
Atxarteko antzinako harrobiak igaro eta autoa aparkatuko dugun lekuan Jesukristoren ermita eta antzinako errotaren aztarnak ikusten ditugu. Metro batzuk gorago, harrizko zubi zahar batetik erreka zeharkatu eta Abadiño eta Urkiola batzen dituen bide zaharretik igoko dugu. Zubiaren ondoan dauden galtzada aztarnek, eta, halaber, igoeraren azken zatian daudenek ere, bide horren garrantziaren berri ematen dute.
Igotzen ordu erdi bat eman ondoren, Mañaritik Urkiolara doan errepidearen ondoan dagoen SantiGaztelu baserrira helduko gara. Hur-hur daukagun Untzillatx mendira begirada bat botatzen badugu Gatzaieta baserriaren irudi dotore bat edukiko dugu. Toki horretan, Txakurzulo baserriraino ezkerretik doan bidezidorra hartuko dugu eta hantxe amaituko da goranzko gure ibilbidea. Hortik Urkiola mendatera 20 minututan hel daiteke gorantz doan bidezidorretik jarraituko bagenu; baina guk proposatzen dizuegun ibilbideak toki lauan jarraitzen du Urkiolagirreko iparraldeko maldatik barrena sartzen den baso-bide zabal batetik.
Bidetik, inguruko mendien ikuspegi zabalak dauzkagu, ezkerrik eskuinerantz ikus daitezkeelarik Eskuagatx, Leungana, Mugarra, Untzillatx, Aitz-Txiki eta Alluitz. Aurrerago mendi-bidea altzifre-baso batean sartzen da eta ondoren pagadi handi batean. Ibilbide honen erakargarritasunetako bat Urkiolagirreko maldan behera datozen erreketan dauden ur-jauzi ugariak dira. Mendiola errekara heltzean mendi-bideak bat-batean ezkerretara egiten du bira eta ibarraren beste aldetik beherantz hasten da Alluitzen gailurra eskuinean utzita. Mendi-bidetik ibarraren sakonera jarraituko dugu jaitsiera luze batean zehar. Lehenengo Intxaurralde baserriaren ondotik pasatuko gara eta geroago beherago gure ezkerrean utziko dugun Olaetxe baserriaren ondotik . Azkenean Aitz-Txiki eta Untzillatxeko horma ikaragarrien azpi-azpian abiapuntura helduko gara.
2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta