Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Espeleologia Urkiolan

Abaro-Jentilzubi Sistema



Zailtasun maila: Ertainetan Handia

Arriskua: Ertainetan Handia

Ez da gomendagarria eurite aldian

Hasiera batean, sistema hau bi barrunbe independentek osatutzat ezagutzen zen, harik eta GEMA Espeleologia Taldeak 1994an biak batu zituen arte. Sistema honetan, maila ezberdinean aktiboak diren zenbait zona eta tamaina eta bolumen diferenteko zona ez-aktibo edo fosilak elkartzen dira. Barrunbearen goiko ahotik Abaroko Tuneletik datorren erreka barneratzen da, eta, barrunbe horren zona ezberdinak zeharkatu ondoren, Jentilzubi-I Kobaren barrentxoan dagoen Jentilzubiko Ur-sorburuan berragertzen da. Hauxe dela esan dezakegu Parkeko zeharkaldi ezagunena, izan ere ibilbide erakargarria da, nahiz eta arriskua ere ertainetan handikoa izan, era guztietako zailtasunekin: ur gune, altura ezberdineko putzu, tamaina handiko galeria fosil eta era guztietako katazulo nahiz hertsigunez beterik.

Irispidea:

Dimako Indusi auzotik abiatuta, ibaia zubi batetik zeharkatu eta asfaltozko errepidetik baserri batera helduko gara. Leku horretatik aurrera jarraituko dugu pistatik gorune batera heldu arte; bide horretatik Gibeldarren ahoa ikusi ahal izango dugu ezkerretara. Gorunera heldu eta batera, ezkerretara irteten den bidexka hartuko dugu, eta Baltzola kobaren Atariraino eramango gaitu. Horra heldu aurretik, Abaroko Tuneletik gure eskuinaldetik etorri eta Abaroko leizean hondoratzen den ibaibidea hauteman dezakegu.

Jentilzubi-Iera iristeko, gorago aipaturiko baserritik abiatzen den mendi-bide bera hartuko dugu eta haren aho ondotik igaroko gara; erraz hautematekoa da, zeren Baltzolara eta Abaroko Leizera joateko zeharkatuko dugun Jentilzubi deritzan harkaitzezko zubi erraldoiaren eskuinean bertan baitago.

Descripción:

Materiala:

20 metro inguruko bi soka, korda bikoitzez jaisteko.

Aingura gailu finko herdoilgaitzak.

Lehenik eta behin, zeharkaldia egiteko norberak duen gaitasunaz jabetzea dago, zeren, behin putzuetara jaitsi ondoren, Jentilzubi-Ieraino jarraitu beharra beste aukerarik ez baitugu; beraz, zeharkaldi hau esperientzia duen jendearekin egitea gomendatzen dugu.

Ibaia, izatez, urtarokoa da, eta arreta jarri behar da lehen putzuan, ur emari handiarekin oso arriskutsua izan daitekeelako.

Abarotik sartuko gara eta lehen 2 metroak jaitsiko ditugu, lehen bilgunera beheratuz; arreta pixka bat behar da bertara iristean, arriskutsu samar baitago. Izatez, 6 metro inguruko putzua da, eta 60 cm zabalera baino gehiago ez duen kanoi-gune batera jotzen du, tarte hori esku-banda batez baliatuz zeharkatu behar dugularik. Ibaibideari jarraituz, ur jauzia duen 8 metroko putzu batera helduko gara, eta hemendik, beste esku-banda batez baliatuz, 15 metro dituen hurrengo putzura helduko gara. Putzu jaso ederra dugu, eta aurrean aurkituko dugun kaosa gainditu ahal izateko, marmita txiki baten parean gelditu behar dugu.

Kaos hori gainditu eta oztopo sail txikietan barna jaitsi ondoren, Kanoi Handian aurkituko gara, 50 m luze eta zenbait gunetan 20 m altura duen galeria txundigarria. Azken gunean, itzelezko kolada zuri batekin egingo dugu topo, zeinen barrenetik gune kaotiko bat gaindituko dugun, beste gune aktibo batera eraman gaitzaten katazuloen bila. Zona nahasi samarrean aurkitzen gara, iraganbide estuengatik, eta horietariko batzuk pixka bat arriskugarriak, kanpora bideko orientazio zuzenaz zalantzan jar zaitzaketenak. Behin zona aktiboan, hodi freatiko eta meandro txikiak zeharkatuko ditugu, eurite garaian sifoi bihur daitezkeenak, baina zeharkaldia burutzeko oztopo izatera iritsi gabe.

Aurrera egin ahala, zona aktibo hori bolumena erdietsiz doan gune fosil bihurtuz doa; eta apur bat aurrerago, sarritan urak hartuta egoten diren gours-en zonara jaitsiko gara; galeria honen beheko aldera helduta, gure eskuinetara kokatuta dagoen kaos gunetxora igoko gara, zeinetatik katazulo eta iraganbide estu batzuek Jentilzubi ederraren ondoan dagoen ahora eramango gaituzten.

Beste aukera bat Jentilzubi-I kobatik sartzea da, eta hortik 15 metroko putzuaren barrenera jaistea; Kanoi Handira jotzen duten iraganbideak aurkitzea korapilatsuagoa den arren, behin hara iritsiz gero, katazuloak zeharkatzen egindako ahaleginak bere saria jasotzen du galeria horretako bolumenak hautematean. Aukera horren alde txarra zera da: bide beretik itzuli beharra.

 


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta