Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Basoak

Artadia

Eskuagatxeko artadia. Artadia urte osoan mantentzen da berde, artadiko zuhaitz-espezie gehienak orri iraunkorrekoak direlako.

Artadia Parkean bigarren azalera handiena daukan baso autoktonoa da (%6a). Arteak gehienbat dituen baso-mota hori sikate baldintzetan ondo garatzen da eta horregatik artadia Urkiolakoa bezalako euritsua barik klima mediterraniarra duten lurraldeetakoa da gehiago. Hurrean, bi dira artadia Durangaldeko mendietan hain hedaturik egotearen arrazoi nagusiak. Alde batetik ematen du izozteen ostean, orain baino epealdi lehor eta epelago bat egon zela eta epealdi horretan landaredi mediterraniarra Ebro haranetik igo zela Iberiar Penintsulako Iparraldera hedatzeraino. Bestalde, kontuan izan behar dugu klima hezea gora behera, garatzeko eremu ezin hobeak aurkitzen dituela arteak 300-800 metroren arteko altueran dauden kareharrizko eremuetan, lurraren lehortasunari eta beste espezie batzuen lehiaketa ezari esker.

Artearekin batera, hosto iraunkorra duten zuhaitz eta zuhamuxkek, hala nola gurbitzek, ereinotzek, karraskilek eta gartxu hostozabalek, baso itxi eta orritsua egiten dute. Antzina, arte-egurra gauza askotarako erabiltzen zen eta horren ondorioz artadiak kasik desagertu egin ziren leku batzuetan. Gaur Parkean dauden artadi gehienak gazteak dira eta artadi zabalenak Dimako Artaun auzotegiko goialdekoak,Aixbizkarrekoa, Eskuagatxekoa eta Mugarrakoa dira. Kontserbazio ikuspuntutik artadia garrantzi handiko basoa da, bere barruan mota askotako flora eta fauna gordetzen dituelako.

Artadiko espezie bereziak

Artea - Quercus ilex
Encina

Adaburu zabal eta biribildudun zuhaitz honek 20 metroko altuera har dezake. Enborrak azal gris iluna eta guztiz pitzatua dauzka. Hostoak obal formakoak, gogorrak eta goiko aldetik berde trinkodunak eta azpialdetik zurixkak dira. Apiriletik maiatzera loratzen da eta ezkurrak urriaren eta azaroaren artean heltzen dira. Gehienetan haitzarteetan hazten dira eta aipatutako artadiez gain Alluitz eta Untzillaitzeko maldetan sakabanaturik aurki daiteke. Bere ezkurra janari garrantzitsua da animalia askorentzat.


Gurbitza - Arbutus unedo
Madroño

Hosto iraunkorreko zuhaixka honek gutxitan hartzen du 6 metroko altuera. Azal gorrixka dauka eta tira luzangetan askatzen da. Orriak nahiko gogorrak dira, pitin bat luzangak eta ertza apur bat zerratua dutenak. Irailetik urtarrilera loratzen da eta bere fruitua kolore gorriko edo laranja koloreko baia biribila da. Jangarria da, baina larregi jan ezkero mozkortuta gera daiteke. Bere fruituarekin edari alkoholikoak eta konfiturak egiten dira.


Gartxu hostozabala - Phillyrea latifolia
Labiérnago negro

Hosto iraunkorreko zuhaixka honek 1-5 metroko altuera izan ohi du. Azal grisa eta leuna du. Orriak oposatuak hazten dira adarretan, lantza-formakoak dira eta kolore berde distiratsua dute; gazteek ertz zerratua izaten dute. Lorea apiriletik maiatzera ematen dute eta fruitu txiki mamitsu eta biribildua ematen dute uda amaieran. Oso ugaria da Parkeko artadi guztietan. Orriak eta fruituak lehorgarri legez eta ahoko legarrak osatzeko erabiltzen ziren.


Otxar basatia - Rubia peregrina
Rubia silvestre, raspalengua

Landare igokari iraunkor honek 0,5-2 metroko luzera izan ohi du. Zurtoin latza eta ebakidura karratukoa da. Orriak obalak eta puntan amaituak dira, eta 4-6ko taldeetan atontzen dira. Ekainetik irailera loratzen da eta bere loreak berde/horixkak eta txikiak izan ohi dira. Fruituak baia beltzak dira. Landare hau erraza da ezagutzen bere laztasunagatik, jantzia zein azala itsatsarazten duelako.


Endalaharra - Smilax aspera
Zarzaparrilla

Hosto iraunkorreko landare igokari honek 1-15 metroko luzera eta ertz eta arantza askoko zurtoina izan ohi ditu. Bihotz formako, gingil zorrozdun eta arantza txikidun orriak izaten ditu. Abuzturik irailera bitartean loratzen da, loreak berde/horixkak izaten dira eta baia gorri edo beltzak ematen ditu. Zurtoin bigunak jangarriak dira zainzurien ordez eta bere fruituekin edari freskagarria egin daiteke.


Erratza - Ruscus aculeatus
Rusco, brusco, arrayán silvestre

Zuhaixka txiki honek 20-80 cm-ko altuera eta zurtoin berde erabat zurrunak izan ohi ditu. Ez dauka orririk eta orriak direla dirudienak zurtoinaren kozkor zapalak, lantza-formako/obalak eta arantzan amaituak dira. Abendutik maiatzera loratzen da eta lore txiki berdexkak izaten ditu. Fruitua baia gorri guztiz distiratsu bat da. Zuhaixka honen adarrak, hain dira zurrunak ezen erratzak edo isatsak egiteko erabiltzen baitzen.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta