Situación
Menú principal
Urkiola Parke Naturalean hedadurarik handiena daukan basoa pagadia da (azaleraren ia %20a). Urkiola leku euritsua eta lainoz betea izatean, pagoak han leku egokia aurkitzen du hazteko, 600 metrotik gorako mendi-lurrean baso zabalak sortuz. Baso itzaltsua da eta argi faltak basopean landareak garatzea eragozten du; beraz, pagadi barrua orbelez beterik egon ohi da, ia-ia landaretzarik barik. Landare batzuek, adibidez nartzisoak eta txakur-hortzak, ihes egiten diote itzalari pago-orriak jaio baino lehenago loratuta, oraindik negua amaitu barik dagoenean.
Mendi horietan bi pagadi mota bereiz daitezke, kareharrien gainean hazten dena eta silizedun substratuetan agertzen dena, bietako bakoitzak baitauka bere flora berezia. Pagoaren ondoan beste zuhaitz eta zuhamuxka batzuk aurki daitezke, hala nola urkia, otsalizarra, hostazuria eta gorostia. Urkia zuhaitz kolonizatzailea da, agerruneetan eta bere gisa utzitako lursailetan basotxoak eratzen dituena, sarri pagoarekin tartekaturik, Txupitaspeko urkidian ikus daitekeen legez. Pagadiak asko ustiatuak izan ziren aurreko mendeetan eta pago motz zahar batzuk ikus daitezkeen arren, Urkiolako pagadi gehienak oso gazteak dira, 100 urtetik beherakoak. Parkeko pagadi handienak Saibin, Urkiolagirren, Eskuagatx mendigunean eta Arangio mendizerran aurkitzen dira.
Orri erorkorra eta adaburu biribildua dauzkan zuhaitz honek 30 metrorainoko altuera har dezake. Bere azala grisa eta leuna da. Orriak lantza formakoak eta ertz pitin bat kizkurtuak dira. Maiatzetik ekainera bitartean loratzen da eta udagoienaren hasieran pagatxa deritzon fruitua ematen du. Urkiolan baso zabalak daude eta horien artean aipagarrienak Saibi, Urkiolagirre, Arangio, Eskuagatx eta Kondebasoko pagadiak dira. Pago-egurra antzina asko erabiltzen zen ikatz begetala egiteko mozketa-praktikaren bidez.
Orri erorkorra eta forma koniko/piramidala dituen zuhaitz honek 20 metrorainoko altuera har dezake. Bere azala zurixka eta leuna da eta arraia horizontal txikiak izan ohi ditu. Orriak ertz zerraduna duten triangelu edo erronboide formakoak dira. Maiatzetik ekainera bitartean loratzen da eta bere fruitu txiki hegodunak buru esekietan garatzen dira. Pagadietako agerruneetan eta txilardietan hazten da, sarri leku hezeetan. Urkiolari izena bera ere urkitik datorkio.
Orri iraunkordun zuhaixka honek ez du gainditzen 5 metroko altuera. Bere adarrek eta bere orri distiratsu eta arantzatsuek itxura erabat trinkoa ematen diote. Apiriletik ekainera bitartean loratzen da eta urrian heltzen dira bere baia gorri ikusgarriak. Gorosti arrak eta emeak daude eta fruitua ematen dutenak emeak dira. Gorostia antzina asko erabiltzen zen gabonetako apaindura lez eta urritu egin zen, nahiz eta gaur egun hedatzen ari den berriro. Espezie babestua da.
Landare txiki hau 15 cm-raino haz daiteke eta orri iraunkorrak, gogorrak eta hiru gingil berdin dutenak ditu. Martxotik maiatzera bitartean loratzen da eta loreak zuriak, urdinak, moreak zein arrosak izan daitezke. Udaberriaren hasieran erraz ikus daitezke Aitz-Txikiko pagadian. Orri freskoek bronkitis eta faringeko eritasun kasuetan ematen den tintura egiteko balio dute.
Landare honek 10-30 cm-ko altuera du, elipsi/lantza formako bi hosto oposatu eta orbain arre/gorrixka ugari oinaldearen ondoan kokatuta. Otsailetik apirilera loratzen da, loreek kolore arrosa dute sarri behera begira egon ohi dira eta euren petaloak kanpora atzerantz kurbatuak. Erraz aurki daitezke Urkiola mendatetik hurreko pagadietan eta Aldazitalako oihaneztapenetan. Oso goiz loratzen da eta nartzisoarekin batera kolorezko tapiz ikusgarri bat sortzen du pagadietako orbelen gainean neguaren amaieran.
Landare erreboiltsu honek 25-50 cm-ko altuera eta orri berde/urdinxkak eta luze-luzeak izan ohi ditu. Otsailetik apirilera loratzen da; lore bakarra, lodia eta kolore hori eta esekiduna izaten du. Lorearen erdiko koroak kanpoko petaloek baino hori biziagoa dauka. Pagadi, urkidi eta belardi hezeetan agertu ohi da. Amilla inguruneak eta Urkiola mendatetik hur dauden basoak leku paregabeak dira nartziso eder hau begiratzeko. Espezie babestua da.
2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta