Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Basoak

Oihaneztapenak

Altzifre eta laritz sailak Urkiolako mendatean. Lawson altzifrea eta laritz japoniarra elurteei eta neguko tenperatura baxuei ondo eusten dieten koniferak dira.

Zuhaitz arrotzen landaketek lurralde zabalak okupatzen dituzte Urkiola Parke Naturalean (azaleraren %23a) eta zura eskuratzeko erabiltzen dira nagusiki. Parkeko ekonomi jarduera garrantzitsuena baso horietako zur ustiapena da, erabilienak intsignis pinua, larizio pinua, pinu gorria, Lawson altzifrea eta laritz japoniarra direlarik.

Haran eta mazeletan, 600-700 metrotaraino, jatorriz Kaliforniakoa den intsignis pinua landatzen da. Pinu horixe da konifera erabiliena eta Parkeko landaketen erdia baino gehiago berak okupatzen du. Goragoko altueretan, ordea, altzifrea eta laritza bezalako zuhaitzak erabiltzen dira, hotza eta izotza hobeto jasaten dituztelako. Lawson altzifrea, jatorriz Iparramerikako mendebaldekoa, konifera bigarren zabalena da Parkean; Urkiolagirre eta Saibiren maldetan batez ere landatu da. Jatorriz Kortsikakoa eta Italiako hegoaldekoa den larizio pinua da hurrengoa eta Parkearen hegoaldean erabili izan da pinu gorriaren ondoan. laritz japoniarra altzifreen artean tartekaturiko sail txikietan lekutzen da. Gainerako koniferen alderantziz, honek orri erorkorra dauka eta udagoienean urre kolore deigarria hartzen du.

Aurreko horiez gain, lursail batzuetan beste espezie batzuk ere landatu dira; baina hauei kasurik gehienetan etekin txikiagoa atera zaie. Koniferen artean izei gorria eta Douglas izeia aurkitzen dira eta hosto erorkorren artean haritz amerikarra eta platano arrunta.

Oihaneztapeneko espezie bereziak

Lawson altzifrea - Chamaecyparis lawsoniana
Ciprés de Lawson

Zuhaitz honek hosto iraunkorrak ditu, 40 metroko altuera har dezake eta estua, trinkoa eta kono formakoa da. Gaztetan azal nabarra izan ohi du, baina adinarekin ilundu eta arrakalatu egiten zaio. Hostoak ezkata modukoak dira eta maila bereko lau ilaratan atontzen dira hostoei itxura zapala emanik. Martxotik maiatzera bitartean loratzen da. Estrobiloak (fruituak) biribilduak dira eta 7-10 mm. eta kolore nabar/gorrixka izaten dituzte. Jatorriz Iparramerikako mendebaldeko itsasertzekoa da. Urkiola Parke Naturalean landaretza zabalak daude 600 metrotik gorako mendi-lurretan; Urkiolagirre eta Saibiko maldetan ikus daiteke. 60-65 urterekin mozten da eta bere zura eraikuntzan eta hiri ostilamendua, hesiak, enbalaketak eta enkofratuak egiteko erabili ohi da.


Laritz japoniarra - Larix kaempferi
Alerce japonés

Zuhaitz honek hosto galkorrak ditu eta 30 metroko altuera har dezake. Enbor zuzen eta zilindrikoa du eta adar zerbait esekiak. Azala nabar/grisaxka eta zerbait arrakalatsua izaten du. Hostoak azikula txikiak dira eta pilaturik agertzen dira adarretan zehar; azpialdean bi lerro argiagoak izaten dituzte. Apiriletik maiatzera bitartean loratzen da. Pinotxa femeninoak horiak dira eta pinaburu txiki biribilduak ematen dituzte. Jatorriz Japoniakoa da. Urkiola Parke Naturalean landaretza gutxi dago; Urkiola mendatearen inguruetan ikus daitezke, Toki Alairen ondoan. Zuhaitzak 60-65 urterekin mozten dira eta bere zura egiturak, oholtzak eta zutoinak egiteko erabili ohi da.


Larizio Pinua - Pinus nigra subsp. laricio
Pino laricio

Zuhaitz honek hosto iraunkorrak ditu eta 40 metroko altuera har dezake; gaztetan itxura konikoa izan ohi du, baina adinarekin irregularragoa izaten du. Azala grisa edo nabarkara eta nahiko arrakalatsua izaten du, baina adar gazteak ilun-ilunak izaten dira. Hostoak azikula luze (10-15 cm.) gogorrak dira eta binaka hazten dira. Martxotik maiatzera bitartean loratzen da. Pinaburuak banaka, binaka edo hirunaka ager daitezke. Jatorriz Korsika eta Italiako Hegoaldekoa da. Urkiola Parke Naturalean nahiko landatzen da, batez ere Saibi eta Urkiolagirreko hegoaldeko maldetan. 60-65 urterekin mozten da eta bere zura eraikuntzan eta hesiak eta enbalaketak egiteko erabili ohi da.


Intsinis Pinua - Pinus radiata
Pino de Monterrey

Zuhaitz honek hosto iraunkorrak ditu eta 30 metroko altuera har dezake. Gaztetan itxura konikoa izan ohi du, baina adinarekin bere kukula hedatuz joaten da. Enborra zuzena eta zilindrikoa da eta azal oso arrakalatsua eta kolore nabar ilunekoa izaten du. Hostoak hirunaka biltzen diren azikula nahiko luzeak (7-15 cm.) eta malguak dira. Otsailetik apirilera loratzen da. Pinotxa maskulinoek kolore hori/nabarkara dute, multzo trinkoak eratzen dituzte eta pinaburuak bitik bostera arteko taldeetan agertzen dira. Jatorriz Kaliforniakoa da. Urkiola Parke Naturaleko landaretzetan gehien erabiltzen den zuhaitza berau da. 40 urte ingururekin mozten da eta bere zura altzariak, hesiak, hiri ostilamendua, enkofratuak, enbalaketak eta papera egiteko erabili ohi da.


Pinu gorria - Pinus sylvestris
Pino albar, pino royo

Zuhaitz honek hosto iraunkorrak ditu eta 40 metroko altuera har dezake. Kukulak forma irregularra izaten du. Baldintza txarretako lekuetan izan ezik, enbor zuzen, zilindriko eta adar gutxikoa izaten du. Azal ezkatatsua dauka eta zuhaitzaren hala goiko aldean nola adarren orpoan gorrixka edo izokin-kolorekoa izan ohi da. Hostoak azikula laburrak dira (3-7 cm.) eta kolore berde/urdinxka izaten dute. Maiatzetik ekainera bitartean loratzen da. Pinotxa maskulinoak zilindrikoak izaten dira eta pinaburu txikiak ematen ditu, hasieran berdeak eta heltzen direnean nabar horixkak. Hurren dauden bertoko pinudiak Urduñan eta Arabako Koartango ibarrean aurkitzen dira. 60-65 urterekin mozten da eta bere zura eraikuntzan eta altzariak eta zutoinak egiteko erabili ohi da.


Haritz amerikarra - Roble americano
Quercus rubra

Zuhaitz honek hosto galkorrak ditu, 30 metroko altuera har dezake eta kukula zabal eta biribildua izaten du. Enborra biribila da; bere azala hasieran leuna da, baina adinarekin zerbait arrakalatsua bilakatzen da eta kolore nabar/grisaxka izaten du. Hostoak handiak dira, gingil markatu-markatu eta zorrotzekin. Maiatzetik ekainera bitartean loratzen da. Gerba maskulinoak luzangak dira eta lore femeninoek kolore berdea dute eta bakarrik edo binan-binan agertzen dira, Fruitua ezkur handi bat da. Jatorriz Iparramerikako ekialdekoa da. Urkiolan Aldazitalako zuhaizti batzuetan eta Mañaritik Urkiolarako igoeran ikus daitezke. Zuhaitz honen hostoek udagoienean kolore gorri/laranja ikusgarria hartzen dute. Bere zura altzariak eta enbalaketak egiteko erabili ohi da.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta