Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Landare Taldeak

Harkaiztegiko taldeak

Alluitz mendiko harkaiztegia (1.040 m.) Failaroi harkaiztsu horien bertikaltasunak landaredi zarratua garatzea eragozten du; hala ere, haitz horien gainean espezie ezberdin asko aurki daitezke, batzuk gainera benetan bereziak.

Harkaiztegia, Urkiola Parke Naturaleko paisaiaren elementu bereizienetakoa da. Arangio mendizerratik Aramotzera arte, kareharrizko mendi malkartsuen kate luze bat dago elkarren segidan: Anboto, Alluitz, Aitz-Txiki, Untzillatx, Mugarra. Haitz multzo horretan, erliebeak amaigabeko forma apetatsuak erakusten ditu. Kareharriaren higaduraren ondorioz, arrakalak, labarrak, hartxingadiak, erlaitzak, lapiazak, etab. sortu dira eta giro-baldintzei gehituriko aldaki horrek landare espezien aniztasuna oso handia izatea ekarri du, ingurune horixe bihurtuz Parkeko lore-interes handiena daukan gunean.

Hainbat landare talde ezberdin bereiz daitezke. Hormen pitzaduretan, esaterako, hainbat iratze agertzen dira (xardin belar beltza –Asplenium trichomanes–, iturri belar zuria –asplinium ruta-muraria–, Cystopteris fragilis) eta loredun landare batzuk (Saxifraga trifurcata –harrautsia– Saxifraga paniculata, beti umea, Draba dedeana). Erlaitzetan Sesleria albicans, Globularia nudicaulis –fraide burua– eta Rosa pendulina beste batzuen artean eta haitz hezeago eta itzaltsuetan hosto handidun landare batzuk, hala nola, ira belar horia (aconitum napellus), mitxoleta horia (papaver rhoeas) eta berdeganbrea.

Han-hemen, zuhaitz eta zuhaixka batzuek arrakala eta zuloetan sustraitzea lortzen dute, adibidez haginak –taxus baccata–, otsapagoak –Rhamus alpinus– eta hostazuriak –sorbus aria–. Urkiolako mendietan banaketa guztiz murritza duten harkaiztegiko landareetariko asko guztiz ugariak dira Pirinioetan eta Picos de Europan, esaterako Aster Alpinus eta Aquilegia pyrenaica (kuku-belarra).

Harkaiztegiko taldeen espezie bereziak

Pirinioetako axarioa - Teucrium pyrenaicum
Teucrio de los Pirineos

Landare txiki honek 5-15 cm-ko altuera du, oina zurezkoa, pitin bat iletsua eta zurtoin etzanduna. Orriak oposatuak dira eta forma biribildua dute, oina falkan eta ertza hortz motzekin. Maiatzetik uztailera loratzen da eta loreak buru trinkoetan biltzen dira, kolore zuria dute, baina ertzean purpura. Landare honek ondo jasaten ditu harkaiztegietan ematen diren baldintza gogorrak, esaterako urik eza, lur eskasia eta bi ertzetako tenperatura gogorrak.


Pirinioetako zalkea - Vicia pyrenaica
Arveja pirenaica

Landare estoloi-emaile txiki honek 5-30 cm-ko altuera izaten du. Orriek foliolo biribildu txikiak dituzte eta kiribilean amaitzen dira. Loreak 2 cm ingurukoak dira, bakartiak eta kolore purpura-more bizia dute. Maiatzetik uztailera loratzen da eta fruitua lekale luzanga beltza da. Landarea lurrean finkatzen duten estoloiei esker, mugitzen etengabe ari diren hartxingadietan bizitzeko gai da.


Gentziana - Gentiana occidentalis
Genciana

Landare honek 5-20 cm-ko altuera eta lantza formako orri berde ziratuak izaten ditu. Orri gehienak zurtoinaren oinaldean hazten dira. Loreak handiak dira eta turuta forma dute, kolore urdin bizia eta barrualdean orbain berdeak izaten dituzte. Maiatzetik abuztura loratzen da. Endemismo kantabriar/piriniar mendebaldarra da. Parkean ez dira aurkitu Anboto eta Mugarrako tontorren inguruetan baino.


Pirinioetako kuku-belarra - Aquilegia pyrenaica
Aguileña de los Pirineos

Landare honek 10-30 cm-ko altuera eta gehienetan zurtoin adartsuak izan ohi ditu. Kolore urdin bizi edo liladun 1etik 5era arteko lore handiak izaten ditu. Loreek atzean ezproi luze pitin bat makoak izaten dituzte. Maiatzetik uztailera loratzen da. Endemismo kantabriar/piriniarra da. Parkean guztiz arraroa da eta Aramotz, Untzillatx, Alluitz eta Anbotoko inguru malkartsuenetan sakabanaturik agertzen da.


Beti umea - Erinus alpinus
Siempreniña

Landare txiki honek 5-20 cm-ko altuera eta zurtoin loretsu ugari izaten ditu. Orriek espatula forma dute, behekoak errosetan hazten dira eta zurtoinekoak txandakatuak. Kolore purpura-arrosako lore txikiak izaten ditu muturreko matsalkoetan jarrita. Maiatzetik irailera loratzen da. Ipizte, Alluitz, Aitz-Txiki eta Mugarra bezalako kareharrizko harkaiztegietako arrakaletan eta hartxingadietan hazten da.


Zitori horia - Lilium pyrenaicum
Azucena de los Pirineos

Erreboildun landare honek 40-100 cm-ko altuera izan ohi du, sendoa da eta zurtoinaren inguruan kolore berde distiratsuko orri estu eta luzanga ugari izaten ditu. Loreak handiak, esekiak, kolore hori bizikoak eta beltzez puntuztatuak dira eta petaloak atzera itzuliak izaten ditu. Maiatzetik uztailera loratzen da labarraren barrenetan, horma harkaiztsuetan eta arraila itzaltsuetan. Endemismo kantabriar/piriniarra da. Urresteiko hormetan, Alluitzeko ubideetan, Aitz-Txikin eta Eskuagatxen ikus daiteke eskegita.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta