Saltar la navegación

Ayuntamiento de la Anteiglesia de Abadiño

Parque Natural de Urkiola · Ayuntamiento de Abadiño

Situación


Menú principal


Landare taldeak

Gune hezeetako taldeak

Urkiolagirreko ipar maldako ur-jauziak. Erreka bazterretan landaredi jori eta oparoa hazten da, goroldioak eta iratzeak nagusi direla.

Urkiolako mendiak erreka askoren sorleku dira, eta erreka gehienok Urkiola, Mañaria eta Mendiola ibaietara doaz. Zoru oso hezea duten ibaiertz horietan haltza da nagusi, urez beteriko zoruen premia duen zuhaitza. Ostera, iturburuetan, inguruko zorua oso ikea izatean eta ez hain urtsua, pagoa ere agertzen da haltzarekin batera, Haltzaz gain, zoru oso hezean hazteko gai diren beste zuhaitz eta zuhaixka batzuk ageri dira, hala nola lizarra, sahats iluna (salix atrocinerea) eta hurritza. Zuhaitzon azpian ohikoak dira orkatxa (hypericum androsaemum), harrautsia (saxifraga), xanpora (cardamine pratensis), iratze emea edo sorgin-iratzea (athyrium filix-femina), urrebotoia (ranunculus) eta xipa belarra (mentha aquatica).

Ura ugariago batzen den lekuetan, turbategiak ageri dira. Urrunetik belar samurreko larrea ematen duen arren, esfagno deritzan goroldioaz osatuta dago. Esfagnoak bata bestearen gainean hasiz doaz, eta azpikoak ez dira usteltzen, zorua oxigenoz urria den urez blaituta dagoelako. Ondorioz, usteltzen ez diren landareok turba (zohikatza) eratzen dute, gai organikoz aberatsa den zoru mota, berau, leku batzuetan ikatzaren ordez erregai gisara erabiltzen delarik. Esfagnoaz batera, ohikoak dira talde honetan landare intsektujale batzuk (eguzki-ihintza –drosera– eta muki-belarra –pinguicula grandiflora–) eta inar lauhostoa –erica tetralix–. Turbategi gutxi dago Parkean eta turba oso gutxi baino ez dute ematen; horregatik, esfagnadiak deitzen zaie. Garrantzitsuenak honako hauek dira: Saibi eta Urkiolagirre mendietako hego maldakoak, Makatzetakoa eta Eskuagakoak.

Larre hezeetako ihitza da urarekin lotura duten landare-taldeetariko beste bat. Parkean aurki daitezkeen ihitoki gutxietariko batzuk Urkiola ibaiarekin muga egiten duten larreetan hazten dira.

Gune hezeetako ohiko espezieak

Haltz beltza- Alnus glutinosa
Aliso

Zuhaitz honek 10-25 m-ko altuera har dezake eta piramide formako adaburua izan ohi du hasiera batean, baina urteetan aurrera egin ahala biribildu edo irregular bihurtzen zaio. Azal arre iluna edo urdinxka dauka. Hostoak biribilduak, zerra formako ertzarekin eta punta kamutsarekin. Lore maskulinoak gerba luzangatan zintzilika izaten ditu, eta lore femeninoak gerba biribilduetan. Otsailetik apirilera bitartean ematen du lorea, eta fruitua, berriz, pinaburu egurtsu antzekoa da. Urkiola, Mendiola eta Mañaria ibaiertzetan ikus daiteke.


Orkatxa - Hypericum androsaemum
Androsemo

Oinaldean egurtsu samarra, metro baterainoko altuerakoa. Hosto handi obal eta oposatuak ditu, sarritan ñabardura gorrixkekin. Loreak, berriz, horiak dira eta multzotan hazten dira. Ekainetik abuztura loratzen da; fruituari dagokionez, baia zapala da, heltzerakoan beltza. Zuhaitz hau Txakurzulotik Atxartera doan pista gurutzatzen duten erreketan aurki daiteke.


Inar lau hostoa - Erica tetralix
Brezo de turbera

Turbategiko ginarra honek 20-70 cm-ko altuera eta zurtoin bihurrituak ditu. Lauko multzotan eraturiko hosto luzanga txikiak ditu, sarritan guruin-ilez hornituak. Loreak, arrosa argi kolorekoak, upel forma dute eta buru trinkoetan multzotuta ageri dira adar muturretan. Ekainetik urrira bitartean loratzen da. Turbategietan eta esfagnadietan hazten da.


Eguzki-ihintza - Drosera rotundifolia
Atrapamoscas, hierba del rocío

Eguzki-ihintza oinaldean hosto-erroseta duen 5-15 cm-ko altuerako landaretxo intsektujalea da. Hosto biribilak ditu, kolore gorriko guruin-ile luzez hornituak. Ekainetik abuztura lore txiki zuriak ematen ditu zurtoin fin baten muturrean. Turbategi, esfagnadi, iturburu eta zoru istilduetan hazten da. Eguzki-ihintza landaretxoa intsektuz elikatzen da, hauek haren ile likitsuetan itsatsita geratzen baitira; gero, landareak digestio-jariapenen bidez xurgatzen ditu harrapakinak.


Muki-belarra - Pinguicula grandiflora
Grasilla

Landareño honek 5-25 cm-ko altuera du, goi alde likitsua duten elipsi formako hosto berde/horixken erroseta batez hornitua. Loreak, more edo lila kolorekoak kanpotik eta zuriak barrutik, bakartiak dira eta pedunkulu luzeak dituzte. Apiriletik ekainera bitartean loratzen da. Esfagnadi, iturburu eta ezponda hezeetan hazten da. Gai likits bat jariatzen duten guruintxoz estalirik dauden hostoei esker, landare intsektujalea da. Intsektuak halako hostoen gainean pausatzean itsatsita geratzen dira, eta landareak orduan poliki-poliki digeritzen ditu digestio-entzimen laguntzarekin.


Txinpart belarra - Caltha palustris
Hierba centella

Landare herrestari honek, 15-45 cm-ko altuera du eta zurtoin barne hutsekoa dauka; hostoek, berriz, berde kolore biziko bihotz forma daukate. Lore hori handiak dauzka, infloreszentzia laxoarekin eta lorezil hori ugarirekin. Martxotik ekainera bitartean loratzen da, iturri, erreka eta haltzadi artean, zoru istiltsuetan. Urkiola ibai ertzean ikus daiteke, baita Makatzeta baserriaren ondoko haltzadian ere, Aldazitala jolaslekuaren ondoan.


2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta