Situación
Menú principal
Urkiolako landare-paisaia ezin daiteke iruditu abeltzaintzaren oinarri diren mendi-larrerik barik, horixe baita Parkeko jarduera tradizional garrantzitsuenetako bat. Neolitikoan, jada, duela 3000 mila urte baino gehiago, beraz, gizakia landaredia aldatzen hasi zen, basoen ordez belardiak jarriz, behorrak eta ardiak elikatzeko helburuaz.
Behi, behor eta ardi-zaintzak gramineoen eta lekadunen familietako espezie jakin batzuk belardietan haztea errazten du, sortuz horrela landare-talde oso berezia. Gainera, ganadu gorotzak lurra ongarritu egiten du eta horrek belardiaren produktibitatea gehitzen laguntzen du. Tokiko klima-baldintza, lur mota, topografia eta giza jarduera ezberdinen arabera, belardi mota ezberdinak eratzen dira, hala nola mendi-larrea, albitz-belardia eta mozteko belardia.
Urkiolako mendietan ugarienak mendi-larreak dira eta 600 metrotik gorako mendi-lurretan aurki daitezke. Aipatu larreetan, beti berde mantentzen direnetan, ganaduak urte osoan zehar bazkatzen du. Mendi-larreetako landare bereziak, Festuka rubra gramineoa (arrauka), hirusta zuria (trifoluim repens), gardu urdina eta urzain lorea edo askari lorea (merendera pyrenaica) dira, beste batzuen artean. Larre handienak Saibi, Urkiolagirre, Zabalandi, Mugarrikolanda eta Eskuagakoak dira.
Aramotzen eta Alluitz-Anbolo lerrokaduran, ganaduak apenas bazkatzen duen lekuetan bereziki, albitz-belarra (brachipodium pinnatum) deritzon orri luze eta lazdun gramineo batek eraturiko albitz-belardia agertzen da.
Azkenez, baserri inguruetan mozteko belardiak daude, urtean bi edo hiru aldiz ebakitzen direnak eta baserritarrek artifizialki ongarritzen dituztenak. Landare berezien artean askia, larre oloa (bromus), hirusta gorria (trifolium pratense) , basa bitxilorea (bellis perennis) eta txikori belarra (taraxacum officinale) daude. Mozteko belardiak Urkiola mendatean eta Gatzaieta eta Intxaurralde (Intxalde) baserrien inguruetan ikus daitezke.
Landare iraunkor honek 5-25 cm-ko altuera du eta bere orriak koilara formakoak, pitin bat horztunak eta erroseta zapal batean jarriak dira. Martxotik uztailera loratzen da eta lore-kapitulu bakartiak ditu, erdialdean horiak diren kolore zuriko azaleko loreekin (batzuetan zerbait gorrixkak). Landare honen orriak jangarriak dira eta hala entsaladan nola beste berdura batzuekin egosita jan daitezke.
Landare honek 5-40 cm-ko altuera du, oinaldeko orriekin erroseta bat duelarik. Orriak luzangak dira eta ertza arotz-zerraren antzekoa. Martxotik urrira loratzen da eta kolore horiko loreak kapitulu isolatuetan hazten dira zurtoin luze baten amaieran. Landare jangarria da eta bere orriak entsaladan jan daitezke, nahiz eta, pitin bat mingotsak direnez, hobe den gazteak hartzea. Orriek eta sustraiek, infusioan hartuta, beste propietate batzuen artean sendagarri, toniko eta diuretiko ugari dituzte.
Landare hau 5-40 cm-koa izan ohi da, normalean herrestaria da eta hiru foliolo biribilduk osaturiko orriak izaten ditu. Apiriletik irailera loratzen da eta loreek sarri ildaska gorriak izaten dituzten kolore horia edo laranja izaten dute, eta 2-7 loreko buru trinkoetan jartzen dira. Landare honen loreek defentsa kimiko bat dute, zianuroa (substantzia erabat pozoitsua) sortzeko gaitasunean datzana.
Bilodun landare honek 10-60 cm-ko altuera izan ohi du. Orriek hiru foliolo obal edo eliptiko izaten dituzte, sarri marka argiago batekin. Apiriletik urrira bitartean loratzen da eta loreek kolore arrosa edo purpura dute, buru biribilduak eratzen dituztelarik. Bere izen zientifikoak (pratense) larretan bizi dela adierazten du. Belardietan bazkatzeko ereiten den landarea da.
Orkideo honek 10-50 cm-ko altuera izan ohi du eta arrautza edo lantza formako orriak izaten ditu. Maiatzetik uztailera loratzen da eta loreak dozena bat lore baino gutxiagoko buru lasaietan garatzen dira. Sepaloak kolore zuritik arrosara bitartekoak dira eta nerbio nagusi berde markatu bat daukate. Labeloa kolore purpurakoa da, belusatua eta ertz hori batez inguraturiko orbain more edo arre/gorrixka izaten du. Bere koloreekin, eta orobat usainekin ere, Intsektuak erakartzen ditu, erraztuz horrela landarearen polinizazioa.
Landare honek 15-50 cm-ko altuera dauka, sarri adartsua izaten da eta lau angeluko ebakidura izaten du. Orriak oposatuak eta lantza formakoak dira eta zerradun ertzak dituzte. Maiatzetik abuztura loratzen da eta loreak isolatuak hazten dira orri-galtzarbeetan; ezpainbikoak eta kolore horikoak izaten dira, goiko ezpaineko hortzak moreak dituelarik. Aitz-Txiki eta Alluitzeko barrenetako larretan ikus daitezke.
2006 - 2007 © Abadiño Elizateko Udala - Eskubide guztiak erreserbatuta